Zapatuan, hilak 15, egingo dugu Elgetan Euskaltzaleen Eguna. Egun osoko egitaraua prestatu dugu eta barikuan hasi ginen Euskararen Soka egiteko soka zatiak banatzen. Bazkarirako txartelak ere salgai daude Julian Markiegiren kioskoan helduendako (16 euroan) eta El Rincon de Lola tabernan umeendako (8 euroan)

Aurten ere Kalitatea Fundazioko labeldun produktuak izango ditugu bazkaltzeko. Hain zuzen ere, Kalitatea-ko kideek txerri saiheskia eta Gernikako piperrak erreko dituzte brasan. Horrekin batera entsalada, kafea, ura eta Eceiza pastak daude menuan. Umeek oilasko izterra, izozkia eta ura izango dituzte menuan.

Orain bi urte harrera oso ona izan zuen Kalitatea-koek brasan erretako hegaluzeak. Bazkarirako txartelak eguenera arte egongo dira salgai.

Euskararen soka

Barikuan ekin genion zapatuan 12:30ean egigno dugun Euskararen Sokarako soka zatiak banatzen. Herri Eskolara ere banatuko ditugu eta egunean bertan eskuragarri egongo dira plazan. Euskaraldiak garrantzi berezia izango du aurten Euskaltzaleen Egunean. Elgetako hamaikakoa osatu duten lagunak protagonista izango dira, mezuak lotura izango du eta Euskaraldiko materiala ere salgai egongo da.

Bazkal ostean euskal kantuak izango dira trikitilarien eskutik eta 17:00etan erromeria Drindots taldearekin.