Abuztuko oporraldiaren ostean jarriko da berriz lanean Elgetako Euskaraldia batzordea, eta iragarri dute ia astero izango direla ekintzak. Nabarmentzen dira sentsibilizaziorako bi hitzaldi, ‘Gure zirkua’ ikuskizuna eta Euskaraldiako material salmenta.

Bestalde, irailearen 18an, gaiarekin lotutako aurkezpen bat egingo du Xabier Payak, gazteleraz. Euskal hiztun ez direnendako mezua ekarriko du Elgetara; izan ere, garrantzitsua da herritar horiek ere ondo ulertzea Euskaraldiaren zergatia. Elgetako guraso ez euskaldunei bereziki gomendatutako aurkezpena da.

Kike Amonarriz ere Elgetan izango da irailean. Baikor konpultsibotzat du bere burua tolosarrak eta ohikoa duen tonu umoretsuan egingo du saioa. “Zazpi mila hizkuntza daude munduan eta euskarak milioi bat hiztun inguru ditu. Hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10 artean gaude. Garrantzitsua da non gauden jakitea. Ez gara erraldoiak, baina ez gara hain txikiak”, adierazi du behin baino gehiagotan. Erabaki estrategikoak hartzeko garaia dela uste du Amonarrizek, eta euskararen ezagutza maila eta erabilera maila aztertuko ditu. Motibaziorako hitzaldia egingo du.

Bestelako ekintzak

Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak irailaren 15erako iragarri du Euskaltzaleen Eguna. Bi urtean behin egiteko konpromisoa agertu zuen Goibekok eta aurten Euskaraldia izango du ardatz. Duela bi urte moduan, bazkaria eta erromeria antolatuko dituzte. Euskararekin lotutako ekitaldia ere izango da.

Udalak, bestalde, Euskaraldia oinarri izango duen horma-irudi erraldoia iragarri du. Euskaraldia batzordea, gainera, hasita dago sustatzaile kanpainarekin. Herriko babesleek emandako produktuekin zozketa antolatuko dute, gastuei aurre egiteko.

Ahobizi zein belarriprest txapak ere eskatuta daude. Irailean hasiko da Euskaraldian parte hartzeko izen-ematea.

‘Gure zirkua’ iraileko azken aste bukaeran

Euskaraldiaren barruan, iraileko azken aste bukaeran Elgetako kantxan zabalduko du karpa Gure zirkua egitasmoak. Euskal Herrian sortua, bertako artistek egiten dute ikuskizuna, eta euskaraz. Arrakastaz eman diote hasiera udan herriz herri egingo duten birari. Askotariko akrobaziak, magia, trapezioa, Don Martin eta Poxpolo pailazoak… ekarriko dituzte.