Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak irailaren 15erako iragarri du Elgetako II. Euskaltzaleen Eguna. “Orain bi urte moduan Euskararen Soka egingo dugu herritarren parte hartzearekin, eta bazkaria eta erromeria izango ditugu”, adierazi dute. “Orain bi urte egin genuen lehenengo aldiz, eta herritar ugarik hartu zuen parte ekimenean. Aurten, Euskaraldia izango dugu gaitzat”.

Poliki-poliki Euskaltzaleen Eguna badoa forma hartzen, eta oraingo honetan ere ez dira faltako neska-mutikoendako puzgarriak, Arrasateko gaiteroak, eta bazkaltzeko brasan erretako hegaluzea. Erromeria, oraingoan, Drindots taldeak egingo du.

“Euskararen Soka izango da eguneko ekitaldi nagusia. Hala, nahiko genuke euskararen uztaia eskutik eskura iristea plazara. Euskaraldiaren urtea da honakoa eta Euskaltzaleen Egunak bat egingo du Euskaraldiarekin. Iaz eskolatik ekarri zen euskararen ardura plazaraino eta aurten Euskaraldia izango dugu gaitzat. Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak gura ditugu plazaren erdigunean eta horixe izango da erronka”, azaldu dute Goibekotik. “Irakurriko dugu eskutik eskura plazara iritsi ostean uztaiak barruan dakarren mezua. Euskaraldiako materiala erosteko aukera izango da Euskaltzaleen Egunean, eta izen-ematearen inguruko informazioa ere banatuko dugu. Gorde zuen agendetan eguna. Irailaren 15ean denok elkartuko gara plazan. Ahobizi, Belarriprest eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta.
Irailaren hasieran jarriko dira salgai bazkarirako txartelak.