Udako etenaren ostean martitzenean elkartu zen berriz ere Elgetako Euskaraldia batzordea. Dozena bat lagunetik gora elkartu ziren eta izen-emate kanpaina, material salmenta eta antolatutako ekintza sorta izan zituzten mahai gainean.

Badator Euskaraldia eta hainbat dira Elgetan iragarrita dauden ekintzak. Horiek diruz laguntzeko zozketa antolatu dute herriko merkatari gehienen parte hartzearekin. Hamaika sari banatzea da erronka eta txartelak euro batean salduko dira. Batzordean modu oso positiboan baloratu dute herriko merkatarien aldetik jasotako erantzuna.

Bestalde, Ahobizi zein Belarriprest moduan izena emateko kanpaina hilaren 20an zabalduko da, eta herritarrak Euskaraldiaren garrantziaz jabetzeko bi hitzaldi antolatu dituzte batzordetik.

Kike Amonarrizek Euskara bidegurutzean Elgetan ere izeneko aurkezpena egingo du irailaren 18an, eta Xabier Payak Ama no habla euskara urriaren 9an. Bi hitzaldiak 19:30ean izango dira, udaletxean. Lehenengo euskal hiztunei zuzendutako aurkezpena izango da. Gai sakona da, baina Amonarrizek ohikoa duen tonu umoretsuan botako du bere gogoeta.

Payaren hitzaldia gazteleraz izango da eta helburua da euskal hiztunak ez direnengana heltzea. Hori esanda, euskal hiztunendako ere oso interesgarria izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Euskaltzaleen Eguna, irailaren 15ean

Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak irailaren 15erako iragarri du Euskaltzaleen Eguna. Antolatzaileek aurreratu dute eskutik eskura iritsiko den uztaiak Euskaraldiarekin lotutako mezua ekarriko duela aurten eta herriko hamaikakoari protagonismo berezia emango diotela. Egun osoko egitaraua antolatu dute, bazkarirako txartelak laster egongo dira salgai eta Euskaraldiako material salmenta ere egingo dute.

Aste bukaera honetan hasiko du euskara taldeak Euskararen Soka egiteko soka zatien banaketa.

Gure Zirkua-k harrera oso ona

‘Troupe’ euskalduna hileko azken aste bukaeran izango da herrian. Bost emanaldi egingo dituzte eta harrera oso ona izango dute Elgetan ere. Sarreren salmenta martxa bizian doa; izan ere, 700 saldu dira dagoeneko. Erosteko bide bakarra ticketea.com ataria da. Prezioa 12 euro da.

Euskaraldia batzordea hilaren 17an elkartuko da berriz, 20:00etan, Ozkarbi elkartean.